Tokiko memoria historiko feminista berreskuratu eta zabaltzea. Horiek izan dira Aiaraldeko genealogia feminista proiektuaren helburu nagusiak. Aurten, poster eta ilustrazio formatua gehitu diote historiari. Raisa Alava ilustratzailearen eskutik.
2022an heldu zion Bor-bor Aiaraldeko Feminismo elkarteak mugimendu feministaren ibilbidea jasotzeari. "Ordukoan historia dosierra ekoitzi genuen, podcast eta erakusketa bertsioarekin batera", adierazi dute. Aurtengo egitasmoan, berriz, poster eta ilustrazio formatua gehitu diote historiari. Izan ere, euren hitzetan, 2022az geroztik gertaera eta ekimen ugari egon dira eskualdeko feminismoaren historia ezaugarritu dituztenak.
Ilustrazio baten bidez ekintza horien pintzeladak islatzea eskatu zioten Raisa
Alava Zuhatzako artistari, eta berak sortu du artelana. Lamina hori poster bilakatu dute, atzealdean Aiaraldeko feminismoaren historia laburtuta.
Posterra eskuratzeko aukerak
Lan edo piezari Aiaraldeko genealogia feminista izenburua jarri diote, eta 50x70 zentimetroko posterrak inprimatu dituzte. Digitalki ere jarri dute komunitatearen eskura, labur.eus/borbor blogean deskargatzeko aukerarekin.
Fisikoki posterraren ale bat eskuratu nahi duenak, berriz, Instagram kontura edo borborelkartea@gmail.com helbidera idatzi beharko du. Alabaina, zuzenean jasotzeko aukera ere egongo da. Izan ere, abenduaren 20an aurkeztuko dute publikoki proiektua, Feminismoa Aiaraldean bor-bor leloarekin gauzatuko duten topaketan. Laudion kokatutako Faktoria espazioa hautatu dute horretarako.
Egitasmoa Arabako Foru Aldundiaren euskaraz sozializatzeko programen dirulaguntza deialdiari esker egin da.