2026an inauguratu nahi duten Antzokiaren kudeaketa eredua zehazteko lanetan ari da Laudioko Udala, Kultura Kontseiluaren barruan sortutako lantalde baten aholkularitzaz. Beste herri batzuetako ereduak aztertzen ari dira, aukerarik onena izan daitekeen horren inguruan hausnartzeko. "Kultura azpiegituren arrakasta arkitekturan edo diseinuan ez ezik, kudeaketa ereduan ere badago. Politika kulturalaren norabidea eta herritarrek bertan izango duten parte hartzea ere zehaztuko da honetan", azaldu du Ainize Gastaka alkateak.
Kudeaketa ereduarekin batera, Antzokia hornitzeko pausoak eman dituzte. Jada egina dago altzariak, agertokirako zoladura, argiteria eta soinu ekipamendua barne hartzen dituen lizitazioa, guztira 538.711 euroan. Lan hauek 2026. urtean gauzatzea espero dute.
Udaletik azaldu dutenez, Antzokiaren proiektu osoaren kostua nabarmen igo da hasierako aurrekontuarekin alderatuta. 2022ko urrian 6,5 milioi euroan adjudikatu zitzaizkion lanak Altuna eta Uriari, baina aurreikusi gabeko arazoak izan dira: indusketetan agertutako hondakin bereziak eta lurzoruaren egoera txarrak atzerapenak eta kostu gehigarriak eragin dituzte. Guztira, proiektuaren kostua ia %37 handitu da.
Arazoak tarteko, Antzokia datorren urtean inauguratzea espero dute. Alkatearen hitzetan, espazio berria ekitaldiak eskaintzen dituen eraikin soila baino gehiago izango da, "herritarren topagunea, sormen laborategia eta herriko bihotz kulturala". Antzokiak jarduera kulturalak, elkarteen sormen lana eta komunitatea hauspotuko ditu, alkateak azpimarratu duenez, "benetako jauzia" izango da herriarentzat.
