Protesta artean abiatu da Aiaraldeko industria garatzeko mahaia

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 26a

Protesta artean sartu da bilkurara Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia. Argazjkia: AIARALDEA ATARIA.

"Argiak eta itzalak" dituen eskualdearen erradiografia aurkeztu du Aldundiak, eta "batasuna" eskatu du ahaldun nagusiak.

Aiaraldeko industria garatzeko mahaiaren lehen bilkura egin dute gaur Amurrion, Aldundiak deituta, instituzio, enpresa eta gizarteko hogeita hamar eragile ingururekin. Helburu nagusia eskualdearen etorkizun industrialaren aldeko itun handi baterako oinarriak ezartzea eta diagnostiko partekatu bat adostea izan da. Diputatu nagusiak aitortu du eskualdea Valvospain, Guardian eta Tubos Reunidos bezalako enpresetan izandako erregulazio espedienteen ondorioz "une konplexua" igarotzen ari dela, eta lehiakortasuna bultzatzeko estrategia definitzeko elkarlanean aritzeko deia egin du. "Ziur nago irtenbide gehienak batasunetik etorriko direla. Eta uste dut, halaber, elkarrekin eta norabide berean lan egiteko borondatea badagoela".

Saioan aurkeztutako erradiografia sozioekonomikoak argiak eta itzalak erakutsi ditu. Alde positiboan, Aiaraldeak Arabako eta Euskadiko motore industrialetako bat izaten jarraitzen duela azaldu du ahaldun nagusiak, kokapen estrategikoa eta trakzio-enpresa handiak dituena. Bestalde, COVID-19aren krisiaren ondoren, lehiakortasuna moteldu egin da, eta horrek lantegien, enpleguen eta inbertsioen galera ekarri du, industria lurzoru eskuragarriaren faltarekin batera. Hala ere, aukerak ere hautematen dira. Izan ere, adierazleek suspertze sintomak eta martxan dauden inbertsio proiektuak erakusten dituzte, nabarmendu duenez. "Eskualdeak nazioartekotze maila handia eta batez besteko tamaina handiko establezimenduak ditu, indar lehiakor gisa".

30 bat eragilek parte hartu dute Amurrion osatu duten lehenengo mahaian. Argazkia: AFA

Prozesu honen xedea da elkarlanean jarraitzea, eta horretarako hurrengo bilera 2026ko urtarrilean egingo dute. Bilera horretan, Aiaraldearen etorkizun industrialaren aldeko "itun handi bat" lortzeko aurrerapausoak ematea espero dute, "eskualdearen susperraldia eta lehiakortasuna bermatzeko".

Protestak kalean

Bilera egin bitartean, protestak izan dira kanpoaldean, SOS Aiaraldea mugimendua eta Maderas de Llodio lantegiko grebalarien eskutik. Burrunba zaratatsuarekin, enpresen itxierak gogoratu dituzte, eta instituzio publikoek izandako "utzikeria" nabarmendu nahi izan dute.

Langileen ordezkariek gaur sortutako mahaia kritikatu dute, "aurpegi zuriketa" hutsa dela esanez, erakundeek lehenago arazoei jaramonik ez dietela egin uste baitute. Mahaia "berandu eta eskasa" dela diote, eta benetako arazoak konpontzea eskatu dute. Ahaldun nagusiari gutuna helarazi diote, eta herri plataformak borrokan jarraituko duela gogoratu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago