Arabako Foru Aldundiarekin gaur bertan izan duen bileraren ostean erabaki du LAB sindikatuak ez duela parte hartuko datorren azaroak 26rako deituta dagoen Aiaraldearen Berrindustrializazio Mahaian. "Deialdi opakoa eta oinarrizko informaziorik gabekoa" dela kritikatu du sindikatu abertzaleak, eta "benetako konpromiso baten ordez", aldundiaren "irudi garbiketa dirudien prozesua" dela uste du.
Hankamotz jaioko da, beraz, Aiaraldeko Industrializazioaren Aldeko Mahaia. Izan ere, ELA sindikatuak ere iragarri zuen iragan azaroaren 5ean ez duela parte hartuko mahaian.
LABek azaldu duenez, aurrez eskualdeko sindikatu eta eragileei inolako informaziorik eman gabe deitu du mahaia aldundiak: "komunikabideen bidez jakin genuen"; eta gaurko bilerara arte ez zaie eman mahaiaren inguruko ezinbesteko informazioa: zein eragile dauden deituta, zein den gai ordena, zer metodologia proposatzen den eta zein den bileraren helburu zehatza. "Jarrera hauek behin eta berriz erakusten dute seriotasun eta errespetu falta osoa, urteak daramatzagunean Aiaraldeako industria eta enplegua defendatzen", esan du sindikatuak.
"Edukirik ez"
Forma kontuez haratago LABek azpimarratu du ez dela sartuko "berandu eta eduki barik jaio eta enplegua defendatzeko borondate argirik gabeko espazio batean" eta aldundiaren esku hartzea faltan bota du gertatzen ari den enplegu galeraren aurrean. Maderas de Llodioren egoera gogoan izan du LABek eta Tubacex, Glavista edo Guardian bezalako gatazkak ere. "Ezin da konfiantza eskatu eskualdeko enplegua erortzen uzten den bitartean", nabarmendu du.
LABen ustez, Aiaraldearen etorkizun industriala definitzeko sortzen den edozein mahaik ezinbestean izan behar du benetako gardentasuna, sindikatu, eragile sozialak eta enpresa batzordeetako parte hartze eraginkorra, erabaki ahalmena eta lan partekatua, aurrekontu konpromiso zehatza, eta enpleguaren defentsa aktiboa. Alta, azpimarratu dutenez "gaur egun, baldintza horietako bat ere ez dago bermatuta".
Gauzak horrela, sindikatuak erabaki du mahaian ez dela agertuko. "LAB ez da azaroaren 26an joango, ez dugulako hutsik dagoen espazioa edo argazki instituzional bat legitimatuko".