Saharako emakumeei aurpegia jartzeko ahalegina

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 7a

'El viaje de las mujeres del desierto' erakusketaren irudi bat. Argazkia: ANA VALIÑO

Mundubat Fundazioak eta Sahara Lautada Elkarteak Ana Valiñoren 'El viaje de las mujeres del desierto'  izeneko erakusketa antolatu dute.

Saharako ahaztutako emakumeei aurpegia eta izena jartzeko ahaleginean Ana Valiño argazkilariak El viaje de las mujeres del desierto lana ondu du, "iragana berridazteko eta oraina ulertzeko ikerketa proiektu sakon" baten baitan, eta lan horren emaitza ikusgai izango da Laudioko kultur etxeko erakusketa aretoan azaroaren 17tik 30era arte.

Laudioko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Mundubat Fundazioak eta Sahara Lautada elkarteak antolatu duten erakusketa errefuxiatuen kanpamentuetan egindako lanetik sortu zen eta 23 irudik osatzen dute. "Saharako emakumeen eskubideen defentsa aldezteko erakusketa da hau. Denboran zehar emakumeek bideratu dituzten borroken historiak berreraikitzeko baliatzen ditu argazkiok autoreak", azpimarratu du Gobernantza Feministako zinegotzi Nagore Gomarak.

Horrez gain, azaroaren 19an, Ocupación SA dokumentala proiektatuko da kultura etxeko Arraño aretoan, 18:30ean, eta Sahara Lautada elkarteko Aminetu Ahmed Baba arituko da Mundubat elkarteko Fernando Vaquerizorekin batera horri buruz berbetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago