Azaroaren 26an biltzekoa den Aiaraldeako Industrializazioaren Aldeko Mahaian ez duela parte hartuko iragarri du gaur ELA sindikatuak ohar batean. Sindikatuak aditzera eman duenez, "helburu propagandistiko hutsa" du aldundiak bultzatzen duen foroak. "ELAk ez du inongo zantzurik Arabako Aldundian industria politikan sakoneko aldaketarik eragin nahi dela pentsatzeko. Are gehiago, Aiaraldeko enpresa nagusien gatazketan Arabako Aldundia sistematikoki langileen ordezkaritzaren aurka kokatu izan da, Tubacexen, Glavistan, Guardianen edo orain Maderas de Llodion".
Sindikatuak gogoratu du ez duela elkarrizketa sozialeko mahaietan parte hartzen, "mahai horien helburua politika neoliberalak eta pribatizatzaileak kontsentsu sozialaz aplikatzea baita". Gainera aldundiak sustatu duen foroaren inguruan oso kritiko agertu da ELA, eta aldundiari leporatu dio ez argitzea zeintzuk izango diren gonbidatuak, eta zer metodologia jarraituko den. "Instituzioen ohiko jarduera da azaldutakoa, modu honetan nahi dituzten ondorioak egiten dituzte publiko eta beren proposamenekin erabat kritikoak garen eragileak erabili egiten dituzte eztabaida irekiak egin izanaren itxurak egiteko".
Berehala erantzun dio Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak ELAren oharrari, eta aurpegiratu dio "blokeoaren eta konfrontazio antzuaren alde" egitea. Gonzalezek deitoratu du ELAk kanpoan kokatzea erabaki izana, eta gainera, erabakia komunikabideen bidez jakinarazi izana, "aldundiarekin harremanetan jarri gabe eta inolako informazio edo argibiderik eskatu gabe".
Ahaldun nagusiaren esanetan, parte hartzeari uko egitea da "eskualdeari, bertako industriari eta haren menpe dauden langileei bizkarra ematea". Azaldu duenez, mahaia eskualdeko eragile politiko, sozial eta ekonomiko guztiei irekita dago, eta "benetako konponbideak lantzen diren espazioa da".