Amurrioko udal langileek gobernuaren "autoritarismoa" salatu dute

Erredakzioa 2025eko urriaren 28a

Amurrioko udal gobernua salatu dute langileek. Argazkia: ALEA

Euskara teknikariaren lanpostuko ordezkapenaren auzian Arartekoak egindako gomendioa bere osotasunean ez onartzea erabaki du udalak. Langileen ustez, udalak ez ditu ez langileak ez Arartekoa errespetatzen.

Amurrioko Udaleko Langileen Batzordeak ohar baten bidez salatu du udal gobernuak "gobernantza eta kudeaketa txarra" daramala aspaldidanik, eta "arbitrariotasunean eta alde bakarreko erabakietan oinarritutako eredua" ezarri duela. Batzordearen arabera, "elkarrizketa, gardentasuna eta funtzionamendu instituzionalaren oinarrizko arauak" urratzen ditu EAJren eta PSEren udal gobernuak.

Zehazki udalak egindako euskara teknikariaren lanpostuko ordezkapenaren harira gertatutakoa salatu dute langileek. Oharrean adierazi dutenez, udalak ez zuen bere lan poltsen araudia errespetatu, eta  bertako lan poltsak erabili ordez, beste administrazio batera jo zuen, "zerbitzu juridikoek aldez aurretik eta idatziz, hori ezin zuela egin jakinarazi arren".

Erabakiaren aurrean langileen batzordeak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen duela hilabete batzuk. Udalaren erantzuna "isiltasun administratiboa" izan zen, eta gero "justifikazio justifikaezinak" eman ziren. Horren aurrean, batzordeak Arartekora jo zuen babes eske.

Arartekoaren ohartarazpena

Lanpostua legez betetzea zegokion pertsonari kalte ordaina ordaintzeko gomendioa luzatu zion Arartekoak Amurrioko Udalari, baina Arartekoak berak aitortu du udalak bere gomendioa osotasunean ez onartzea erabaki duela, nahiz eta aurrerantzean lan poltsak erabiltzeko irizpideak egindako gomendioarekin bat datorren interpretazio batekin egokituko dituen. "Auzia etorkizunera begira birbideratu daitekeen arren, udalak ez dio heltzen kexan aztertutako kasu zehatzetik sortutako problematikari", esan du Arartekoak.

"Udalak bere langileak legez ordezkatzen dituen langile batzordearen eskubideen gainetik kokatzen du bere burua, eta baita Arartekoaren gainetik ere, azpimarratu du batzordearen oharrak. "Hau ez da lan gatazka hutsa, jokabide autoritario baten eta legitimitate demokratikoa galdu duen kudeaketa eredu baten adierazpena baizik".

Herritarrenganako ondorioak

Langileen batzordearen esanetan, arazoak "barne eremua gainditzen du" eta "herritar guztiei" eragiten die, erakunde publikoekiko konfiantza ahulduz eta "arbitrarietatea eta faboritismoa" sustatuz.
 "Bere langileak errespetatzen ez dituen udal batek, Arartekoa bezalako erakundeak ere errespetatzen ez dituenean, herritarrak ere ez ditu errespetatzen", adierazi dute.

Batzordeak eskatu dio gobernu taldeari "egoera berehala zuzentzeko, Arartekoaren gomendioa betetzeko eta gardentasunean eta elkarrizketan oinarritutako gobernantza eredu batera itzultzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago