Maderas de Llodioko enpresa batzordeak salatu du langileak kaleratzen hasi dela enpresa. Langileak greban daude joan den irailaren 22tik, zuzendaritzak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurka. 39 behargin kanporatzea asmo zuen Garnica taldeak, Maderas de Llodioren jabeak, eta azkenerako 35era jaitsi zuen kopurua.
Langileak protestan egonda ere, enpresak bere egutegia mantendu du, eta langileak kaleratzen hasi da. Enpresa batzordetik adierazi dute kaleratzekoak ziren langileek euren kontu korronteetan jaso dutela enpresak eman beharreko kalte ordaina, kaleratze gutuna jaso aurretik. Diru sarrera hauek ikustean jakin dute langileek kaleratzeak gauzatzen ari zela enpresa.
Langileek diote "alternatiba bideragarriak" badaudela ekoizpena kanpora eraman behar ez izateko, eta kaleratzeak saihesteko. Erakundeen jarduna kritikatu dute, Jaurlaritzarena bereziki, eta "jarrera onartezina" izan duela salatu dute, esanez langileak egin dituztela instituzioen utzikeriaren erantzule.
Maderas de Llodioko langileen alde eta, orokorrean, Aiaraldeko enplegua defendatzeko mobilizazioa deitu dute ostiralerako, urriak 24, 18:30ean Laudioko Eroskiko biribilgunetik. "Eskualde osoa dago borrokan bere etorkizunaren alde. Guztioi eragiten digun zerbait da, eta elkarrekin erantzungo diogu".