Arabako Foru Aldundiak 1.342.638 euroko inbertsioa egingo du Amurrioko San Anton foru egoitza handitu eta berritzeko. Lehen lizitazioa hutsik geratu ondoren, Gobernu Kontseiluak joan den ekainean onartu zuen bigarren kontratazio espedientea eta gaur esleitu ditu obrak. Lanak sei hilabeteko epean gauzatuko dira.
Amurrioko egoitzak 39 plaza ditu gaur egun, eta proiektu berriak beheko solairua hegoalderantz handitzea aurreikusten du. Horrela, egongela-jangela zabalduko da eta bisita gela berri bat sortuko da sarbide nagusiaren ondoan. Era berean, zirkulazio eta komunikazio espazioak berrantolatuko dira, gelei erosotasun eta pribatutasun handiagoa emateko. Sukaldea eta jangela zuzenean konektatuko dira berriz, eta igarobide atari berri bat egingo da. Handitutako zatiaren sabaiak lehen solairuko terraza berri bat egitea ahalbidetuko du.
Horrez gain, hainbat espazio lekuz aldatu edo egokituko dira: ile-apaindegia, podologia, errehabilitazio gela, bulegoa eta bilera gela guztiak beheko solairuan kokatuko dira. Igogailu hidraulikoa mekaniko batez ordezkatuko da, komunak irisgarritasun araudira egokituko dira, eta eraikinaren eraginkortasun termikoa hobetuko da. Guztira, zabalduko den azalera 300 metro koadrokoa izango da.
Proiektu estrategikoak
Amurrioko egoitzako lanak Arabako Foru Egoitzei Laguntza Integrala emateko Proiektuaren barruan kokatzen dira. Ekimen hori Europar Batasunaren Next Generation EU funtsekin finantzatzen da, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Helburua da mendekotasuna duten pertsonen egoitzak modernizatzea, etxebizitza arruntetan dagoen erosotasun eta kalitate maila berdinarekin.
Proiektu horren baitan, dagoeneko hainbat jarduketa egin dira:
• Tximeletak Zentroa, sexu indarkeriaren biktima diren emakumeentzako baliabide berria.
• Ajuria eta Txagorritxu egoitzak, adinekoentzako egokitzapen lanekin.
• Hazaldi etxea, babesgabetasun egoeran dauden haurrentzat.
• Lakondoa zentro berria, autismoa eta adimen desgaitasuna dituzten pertsonei laguntzeko.
Halaber, Samaniego egoitzaren birmoldaketa integrala eta Etxean Bai Planaren zein Hegoak Zerbitzuaren (indarkeria matxistaren biktimentzako arreta espezializatua) erreferentzia zentro berriak ere proiektu berean sartzen dira, azken fasean daudenak.