Amurriora bueltatuko da Araba Euskaraz

Erredakzioa 2025eko urriaren 9a

Araba Euskaraz aurkezteko agerraldia egin dute gaur Amurrion. Argazkia: ARABA EUSKARAZ

Aurreko lau urteetan Gasteizen egin eta gero, hiriburutik aterako da hurrengo urtean ikastolen aldeko jaia.

Azken lau urteetan Gasteizen egin eta gero, Amurrion ospatuko da 2026ko Araba Euskaraz jaia. Taupadak berpiztu! lelo, Aresketa ikastolaren aldeko ospakizuna izango da hurrengo urtekoa, ekainaren 14an. 

Aurreko lau edizioetan Arabako zortzi ikastolek elkarrekin antolatu dute Arabako ikastolen aldeko jaia, eta Gasteizen ospatu dituzte lau ekitaldiak. Hurrengo urtean, Amurrion ospatuko dute, eta Aresketa ikastolak hartuko du antolaketaren pisu handiena. "Aresketa ikastolako komunitateak nahikoa indar eta gogo ditu Araba Euskaraz antolatzeko, eta Amurrion ospatu nahi dugu Araba Euskaraz", azaldu dute antolatzaileek. 

Gainera, Araba Euskaraz urte osora eramango dute aurten ere, eta Amurriora bezala, Aiaraldera eta Gasteizera ere helduko da. Urtean zehar hainbat ekimen antolatu dituzte, azarotik hasita. Hala, azaroaren 9an aurkezpen jaia egingo dute, Amurrion, eta beste hainbat ekitaldi izango dira hurrengo asteetan: Gazte Talent lehiaketaren finala, Goazen kontzertua, pilota topaketak eta kantaren aurkezpena, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago