Maderas de Llodion greba mugagabera joko dute astelehenetik aurrera

Erredakzioa 2025eko irailaren 19a

151 langiletik 39 kaleratzeko asmoa du enpresak. Argazkia: Aiaraldea.eus

Aurrera doa 39 langile kaleratzeko Enplegua Erregulatzeko Espedientea Laudioko enpresan. Lanpostuen eta duintasunaren alde egingo dutela adierazi du enpresa batzordeak, Aiaraldeko etorkizun industrialaren alde.

Maderas de Llodioko enpresa batzordeak greba mugagabea deitu du irailaren 22tik aurrera, enpresak langile ugari kaleratzeko asmoari eutsi diolako. EEE bat aurkeztu du zuzendaritzak, 151 langileko plntillatik 39 langile kaleratzeko, eta lantegi horretako ekoizpenaren %40 deslokalizatzeko asmoa ere azaldu du enpresak.

Enpresa batzordetik jakinarazi dute 39 familiari zuzenean eragiteaz gain "kolpe handia" dela eskualdeko ehun industrial eta ekonomikoarentzat. Adierazi dute Garnica taldeak proposatutako kaleratzeek ez dutela justifikaziorik, "ez produktiboak ez antolaketakoak", eta irabazi ekonomikoan soilik pentsatzea leporatu diete, giza kostua kontuan hartu gabe.

Instituzioen ekintza falta ere salatu dute langileek. Neurriak hartzeko eskatu diete, eta adierazi dute Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiko bozeramaileek "jarrera tamalgarria" izan dutela gaiaz hitz egitean. Egoera honetan, Maderas de Llodioko langileek greba mugagabea hastea erabaki dute, "euren lanpostuak, duintasuna eta Aiaraldeko etorkizun industriala" defendatzeko helburuarekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago