
Maderas de Llodioko langileek bigarren greba eguna egin dute gaur, 39 kaleratzeen aurka protesta egiteko. Mobilizazioa goizeko bostetan hasi da, lantegiaren atarian egindako elkarretaratze batekin.
Asteartean bezala, protestak inguruko beste lantegi batzuetako langileen babesa jaso du. Bidean zein elkarretaratzean inguruko enpresetako lagunen babesa izan dute: JEZ, Tubacex, Tubos Reunidos, Envases... konpainietako kideak batu dira eta Laudioko Udaleko langile asko ere bertaratu dira. Aiaraldea.eus hedabideak jaso duenez, Garnicak Leonen (Gaztela eta Leon, Espainia) duen enpresako langile batzorde osoak parte hartu du mobilizazioan, baita Baños de Río Tobiako (Errioxa, Espainia) CCOOko ordezkariek ere.
Grebaren jarraipena erabatekoa izan da, eta ez da langilerik fabrikan sartu. Eguerdian elkarretaratzea egin dute Herriko Plazan. Arratsaldean, manifestazioa deitu dute SOS Aiaraldea plataformarekin batera, 19:00etan Eroskiko biribilgunetik abiatuta.