Amurrioko Udalaren babesarekin, irailaren erdialdetik aurrera narriadura kognitiboaren prebentzioan eta detekzio goiztiarrean oinarritutako programa abiatuko du Amurrion Afaraba Alzheimer eta beste dementzia batzuen elkarteak.
Programak batez ere dementzia diagnostikorik ez duten baina oroimen edo arreta mailako beherakada atzeman duten pertsonak ditu jomugan. Helburua da ariketa kognitiboen bidez euren gaitasunak indartzea eta, beharrezkoa bada, susmo diagnostikoaren aurrean bide egokiak erakustea.
Lehenengo ekimena irailaren 15ean izango da: herritar guztiei irekia dagoen hitzaldi baten bitartez egingo dute. Horren ostean, hamar saioko entrenamendu kognitiboko tailerra eskainiko dute, irailaren 26tik azaroaren 28ra bitartean. Jarduerak udalak utzitako espazio batean egingo dituzte, eta doakoak izango dira.
Afarabararen zuzendari Susana Cuesta Rodriguezek nabarmendu du programaren ikuspegia "integrala eta humanoa" dela, eta oinarri zientifikoa duela. "Adinarekin zer den normala eta zer ez den ulertzea nahi dugu, eta egoera honen aurrean bakarrik ez daudela sentitzea", azpimarratu du.
Bestetik, Laura Fernandez Gizarte Ekintza eta Osasun zinegotziak adierazi du "zahartze osasuntsuak lehentasuna" izan behar duela politika publikoetan. "Programa hau aukera bat da gure bizilagunei baliabide espezializatuak hurbiltzeko eta haien osasun mentala prebentziotik zaintzeko tresnak emateko", erantsi du.
Aurreratu dute 2026an programak jarraipena izango duela, Amurrioko esperientzia errepikatzeko interesa agertu dutelako hainbat udalerrik. Amurrioko Udalaren laguntzaz gain, aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntza ere izan dute ekimena antolatzeko.