Nazioarteko merkatuaren ziurgabetasunak kalte egin dio Tubos Reunidosi

Erredakzioa 2025eko uztailaren 28a

AEBek ezarritako muga zergek ezegonkortasuna ekarri dute sektorean. Argazkia: TRG

Negozioaren kopurua %19 hazi da iazko seihileko beraren aldean, baina arantzelen eta ezegonkortasunaren ondorioz 15 milioi inguru galdu ditu enpresaren osasunaren balorazioan. Merkatu osagarriak indartu nahi dituzte, eta langileak aldi baterako kaleratu.

Tubos Reunidos taldeak 2025eko lehen seihilekoaren balorazioa aurkeztu du, eta adierazi nazioarteko merkatuaren gorabeheren eragina pairatu duela. Nazioarteko eskariak geldialdi nabarmena izan du, araudia aldakorra eta ezegonkorra delako, eta adierazi dute soldadura gabeko hodien merkatuak ziklikoki jasaten dituen geldotze aro bat dela oraingoa.

Berez, negozio kopurua handiagoa izan da aurtengo lehen seihilekoan iazkoan baino. 205,8 milioi eurokoa izan da aurten, %19 gehiago, 2024. urtearen amaieran eskaera gehiago jaso zituztelako Tubos Reunidos taldeko enpresek. Baina urtea aurrera joan ahala, AEBek ezarritako muga zergek eragina izan dute (%50aren bueltan dabiltza orain altzairuan eta aluminioan). Erosketak eta inbertsioak egiteko erabakiak gelditu egin dira, eta eskaerek %26 egin dute behera 2024ko amaieraren aldean.

Tubos Reunidosek beherakada jasan du esplotazioetan, 10,8 milioi eurokoa, eta enpresaren osasuna neurtzen duen EBITDA adierazlean ere behera egin du, 0,7 milioi euro negatiboetan kokatu dira bere etekin operatiboak. Erreferentzia gisa, iazko epe berean 5,3 milioiko kopuru positiboa zuen. EBITDAn 15 bat milioi euroko kaltea eragin dute muga zergek, enpresak berak adierazi duenez.

Egoera honi aurre egiteko hainbat estrategia aurkeztu ditu taldeak. Lehenik, merkatu osagarriak indartzeko asmoa erakutsi dute, AEBetara egindako salmentek muga zergen eragina jasan dutelako. Kanada, India eta Saudi Arabiako merkatuetan aurreikuspen onak dituztela adierazi dute, eta Europan duten presentzia ere handitu egingo dute, Alemanian bulego bat irekita 2025 hasieran. Aldi baterako lan erregulazio espedientea ere ezarri dute aurtengo lehen seihilekoan Iruña Okan, "ekoizpen arrazoiengatik". Gainera, kostuak murrizteko neurriak eta eraginkortasunarekin lotutakoak hartuko dituztela iragarri dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago