Laudioko Jaietan "indarkeria matxista eta sexistarik gabe bizitzeko" informazio, arreta eta sentsibilizazio gune bat jarriko du udalak. Batzalarrin kalean egongo da gunea, honako ordutegian: abuztuaren 15ean 19:00etatik 02:00etara; abuztuaren 16 eta 17an 22:00etatik 03:00etara; eta abuztuaren 28, 29 eta 30ean 22:00etatik 04:00etara.
"Jaiak askatasunez, beldurrik gabe eta berdintasunean gozatu ahal izatea da helburua", adierazi du udalak, ohar batean. Diotenez, gunea "Beldur Barik jarrera sustatzeko espazio gisa" ere funtzionatuko du. Gunea karpa informatibo eta arreta puntu gisa ariko da, eta indarkeria sexista edo LGTBIQ+fobikoaren aurkako laguntza eskainiko du.
Aurreratu dutenez, genero eta sexualitate gaietan aditu diren profesionalek eskainiko dute arreta, doan eta konfidentzialki. Besteak beste, laguntza fisikoa eta emozionala, arreta psikologikoa eta aholkularitza juridikoa aipatu dituzte. Horrez gain, hainbat sentsibilizazio eta prebentziorako jarduera egingo dituzte.
"Herritar guztiak gonbidatzen ditugu gune honetara gerturatzera, parte hartzera eta jai libre, seguru eta berdinzaleak eraikitzen laguntzera", adierazi du Nagore Gomara Gobernantza Feministako zinegotziak. Modu berean, aldarrikatu du ez dagoela berdintasunik "espazio seguru barik".
Gunea itxita egongo den orduetarako, honako telefonoak aukeran daudela gogorarazi dute: Jaurlaritzak 51 hizkuntzatan eskaintzen duten 900840111 telefonoa, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako arreta eta informazioa emanez, Tximeletak zentroaren 650801080, sexu indarkeriaren biktimentzako, eta larrialdien 112 zenbakia.