Amurriok katu kolonien kudeaketa eta "animalien ongizatea" bermatzeko, Amukatu Elkartearekin hitzarmen bat sinatu du. Amukatu Elkarteak animalien ongizatea eta hiri oreka ekologikoa sustatzeko lan egiten du. 2025erako, udalak 25.000 euroko diru laguntza onartu du —2023an emandako laguntza 12.000 euro ingurukoa izan zen—, animalien zaintza eta osasun publikoa indartzeko helburuarekin. Hitzarmen honek CER metodologia —harrapaketa, esterilizazioa eta askatzea— aplikatzea, albaitaritza tratamenduak eta kolonien mantentze lanak finantzatuko ditu, baita errolda eguneratua eta lehentasunezko esku hartze eremuen plangintza egin ere.
Hitzarmenak, gainera, udal jabetzako lokal bat erabiltzeko aukera ematen dio elkarteari, hiltegi zaharrean kokatua, tratamenduan dauden animalientzako gune gisa. Laura Fernandez Fernandez Gizarte Ekintza zinegotziak nabarmendu du akordio honek "zaintzan eta sentsibilizazioan oinarritutako politika publikoak" sendotzen dituela, animalien ongizatea "gizarte heldu baten isla gisa" ulertuz.
Bestalde, Amukatuk herritarrei zuzendutako sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak garatuko ditu, jabetza arduratsua sustatzeko eta abandonua prebenitzeko. Ruben Bermudez Balza elkarteko presidenteak udalarekin izandako lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, administrazio publikoen eta gizarte erakundeen arteko elkarlanak animalien ongizatean eta herritarren kontzientziazioan aurrerapausoak lortzeko duen "potentziala" goraipatuz. Gainera, herritarrei dei egin die esterilizazioa, abandonurik eza eta kolonien errespetua sustatzeko eta "elkarbizitzan" izan daitezkeen tentsioak saihesteko.