Aiaraldea hedabideak eta Amurrioko Udalak "elkarlana berreskuratzeko borondatea" adierazi dute agiri bateratu batean, "euskararen biziberritzean pausu berriak emateko akordioa erdietsiz".
Akordioaren bitartez, Aiaraldea hedabideak udalerriko egunerokoaren berri ematen jarraituko ahal izango du "euskaratik eta euskaraz", euskararen erabilera sustatzeko eta biderkatzeko helburuarekin, "azken 15 urteetan egin duen bezala". Amurrioko Udalak, bestetik, euskarazko komunikazioa sustatzeko baliabideak "indartuko" ditu elkarlan esparru berritu honen bidez.
Azken hamarkadetan euskararen biziberritze prozesuan izan diren "urrats esanguratsu askoren" ondoren, nabarmendu dute "guztien ekarpena berebizikoa" izan dela hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko, eta "ezinbestekotzat" jo dute elkarlanerako espazioak sortu eta indartzea.
Bi erakundeek 2012. urtetik hitzarmena adostuta zuten, baina iaz udalak bertan behera utzi zuen 6.000 euroko diru laguntza. Erabaki horren ondoren, hedabideak udalari egotzi zion euskarazko komunikabide bakarra "itotzen saiatzea".