Amurrion jarri nahi duen Mendi parke eolikoa egiteko Green Devco Energy enpresak aurkeztutako Ingurumen Inpaktuaren Azterketa eta proiektua irakurri eta gero, Aiaraldeko Mendiak Bizirik taldeak iragarri du horren aurkako alegazioak aurkeztuko dituela. Taldearen ustez, proiektuak inguruan "inpaktu handia" izango du, "baita Amurrioko, Luiaondoko eta Orozkoko etxebizitza" batzuetan ere.
200 metroko zazpi aerosorgailu bere gain hartzen dituen proiektuaren aurrean, taldeak dio enpresak aurkeztutako azterketak ez dituela behar bezala jorratu zaraten, osasunaren, landa ekonomiaren eta ingurumen araudien inguruko funtsezko alderdiak.
Besteak beste, argudiatu dute nekazaritza eta basogintzako lurzorua erabili dela egitasmorako, ez direla behar bezala aztertu 200 metroko altueran dauden aerosorgailuen zarata, inguruko etxebizitzen eragina eta "eguraldi txarra". Faunari dagokionez, aerosorgailuen kokapenak hegaztiei eta saguzarrei kalte egin diezaiekeela diote, "habitat kritikoak" babesteko araudia urratuz. Bide beretik, Gorbeiako parke naturala gertu dagoela diote.
Alegazioak aurkezteko epea 2025eko ekainaren 16an amaituko dela jakitun, taldeak dokumentu eta jarraibideak prestatu ditu, eta herritar eta erakundeen esku jarri ditu.