Amurriok 18.000 euroko ekarpena egingo dio Gurutze Gorriari

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 30a

Amurrioko egoitza mantentzeko 5.000 euroko zuzkidura aurreikusi dute. Argazkia: ALPHABET

Besteak beste, jaietako prebentzio zerbitzuak, erakunde sozialaren egoitzaren mantentzea eta gazteentzako proiektuak indartuko dituzte.

Arabako Gurutze Gorriarekin lankidetza hitzarmen berri bat sinatu dutela iragarri du Amurrioko Udalak, esku hartze sozialaren eta herritarren babesaren arloan elkarrekin egindako lana "indartzeko". Horren bitartez, aurten udalak 18.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du udalerrian zenbait ekintza sozial "partzialki finantzatzeko".

Orain iragarri badute ere, hitzarmena hilaren 20an sinatu dute Txerra Molinuevo alkateak eta Jesus Cantero Gurutze Gorriko Batzorde Probintzialeko presidenteak.

Besteak beste, jai ekitaldietarako beharrezkoak diren prebentzio zerbitzu sanitarioak sartu dituzte, herritarren segurtasunerako "funtsezko estaldura txertatuz ospakizun eta ekitaldi jendetsuetan". Horretarako 9.000 euro bideratuko dituzte. Modu berean, bikoiztu egin dute haur eta gazteentzako proiektuetara bideratutako zenbatekoa, 4.000 eurokoa izatera igaro baita. Gurutze Gorriaren egoitza mantentzeko 5.000 euroko zuzkidura aurreikusi dute.

"Ahalegin handia egin dugu haurrei eta gazteei zuzendutako proiektuetan egiten den inbertsioa bikoizteko, gaztetatik haiekin lan egiteko botere eraldatzailean sinesten baitugu", esan du Laura Fernandez Gizarte Ekintza eta Osasuneko zinegotziak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago