2025eko Euskal Eskola Publikoaren jaia Urduñan ospatuko da, Aiaraldean. Lurra, herria, eskola Errotu da aurtengo leloa, eta Urduñako eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean kokatzea du helburu. "Denon parte hartzea ezinbestekoa" dela adierazi dute antolatzaileek, eta euskal gizarteari dei egin diote bertaratu eta "gure helburu kolektiboen alde elkarrekin lan egiteko".
Aurtengo leloarekin irudikatu nahi izan dute hezkuntza eredu publikoa lurrean eta herrian errotuta dagoela. Duela 30 urte sortu zuten Urduñako herri eskola, belaunaldi berrien euskalduntzea hezkuntza publikoaren bidez soilik lortu zitekeelakoan. Hala ere, instituzioen babesa ere eskatu dute, beharrezko baliabide eta zerbitzuak eskuratzeko.
Ekainaren 1ean egingo da jaialdiaren 32. edizioa, eta gune ezberdinak izango ditu, lau gune finko eta gune ibiltaria. Foru plaza, museoaren plaza, Gernika plaza eta eskola bera izango dira guneak. Bertan egongo dira txikien eta gazteentzako puzgarriak eta tailerrak, musika, kale antzerkia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, kalejirak...