Museo eta dorretxeen ibilbidea aurkeztu dute

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 14a

Web atari berezi batean zehaztu dituzte proposatutako ibilbideak. Irudia: AFA

Informazio panelak, liburuxkak, web ataria eta ikus-entzunezko bat ondu ditu aldundiak, eta Aiaraldeko Museoen Sarea sortzeko ekintza plana zehaztu dute.

Aldundiak Aiaraldeko museo eta dorretxeen ibilbideak izeneko proiektu turistiko berria aurkeztu du, Aiaraldeko ondare historiko eta kulturala sustatzeko helburuarekin. Ekimenak informazio panelak, liburuxkak, web atari berria eta sustapenerako ikus-entzunezko bat barne hartzen ditu.

Cristina Gonzalez Turismo diputatuak eta Ana del Val Kultura diputatuak azaldu dutenez, proiektuak Aiaraldeko hamaika dorretxe eta lau museo nabarmendu nahi ditu, hala nola Artziniegako Museo Etnografikoa, Santxotena Tailer Museoa, Arte Sakratuaren Museoa eta Amurrioko Licor Acha Museoa. Gainera, Nerbioi Garaiko Orozkoko eta Urduñako museo etnografikoak ere sartu dira. Dorretxe bakoitzean informazio panelak jarri dituzte, QR kodeekin informazio osagarria eskaintzeko. Liburuxkei dagokienez, bi ibilbide —Aiara-Artziniega eta Urduña-Amurrio-Laudio— biltzen dituzte, lau hizkuntzatan, eta turismo bulegoetan eskuragarri daude. Web atariak ibilbideen mapak, informazio historikoa eta bisita praktikoak biltzen ditu. Azkenik, sustapenerako bideoa prestatu dute, sare sozialetan eta aurkezpenetan erabiltzeko.

Bestalde, aldundiak, museoekin lankidetzan, Aiaraldeko Museoen Sarea sortzeko ekintza plana zehaztu du, haien "lehiakortasuna eta sustapena" hobetzeko, eskualdeko "turismo jasangarria" indartuz.

"Aiaraldea enogastronomia, natura eta historia da. Proiektu honekin, eskualdeko turismo eskaintza aberastu nahi dugu, enplegua eta aberastasuna sortuz", adierazi du Gonzalezek. Del Valek, bestalde, azpimarratu du ekimenak Aiaraldeko "lehen mailako" ondarea ezagutzera emango duela Araban eta kanpoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago