Laudio uholdeetatik babesteko lanak amaitu dituzte

Erredakzioa 2025ko mai. 5a, 12:30

Goizean bisitatu dituzte Nerbioiko obrak. Argazkia: LAUDIOKO UDALA

4,2 milioi euroko inbertsioa egin du URAk, eta 24 hilabeteko lanak behar izan dira.

Uraren Euskal Agentziak Nerbioiko ahalmen hidraulikoa handitzeko lanak amaitu ditu, Laudioko hirigunea uholdeetatik babesteko. Ahalmen hori handitu ahal izateko, ohantze harritsua zulatu behar izan dute, eta ertzak egokitu behar izan dira, Baias kalearen eta Bide Zaharren arteko 1.338 metroko tartean. Lan horri esker, uhaldien emariak ohiko ibilguan jasoko dira (438 m³/s).

Obraren bisitan izan dira goizean Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Josu Bilbao Ingurumen sailburuordea, Asier Lopez Etxebarria Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia eta Ainize Gastaka Laudioko alkatea.

4,2 milioi euroko inbertsioa egin dute obra amaitzeko, eta 24 hilabeteko lanak behar izan dira. Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.

Altzarrateko zubia

Mikel Jauregi sailburuak adierazi duenez, "Gaurkoa Nerbioi ibaiaren ibilgua handitzea ekarri duen jarduketa integral baten azken urratsa da, baina baita Altzarrateko zubi zaharra ordezkatzea eta San Juan erreka berregokitzea ere. Guztira, 7,25 milioi euroko inbertsioaz ari gara, uholdeen aurkako erresistentzia nabarmen hobetzeko ".

Jauregik gogoratu bezala, Nerbioi ibaia herrigunetik igarotzen den tartearen lanek jarraipena eman die uholde arriskua arintzeko Laudion egin diren aurreko lanei: Alde batetik, Altzarrateko zubia ordezkatu zen: hormigoi armatuzko arkuzko zubi zaharra eraitsi egin zen, eta euskarririk gabeko altzairuzko zubi bat eraiki zen ibilguan. Bestetik, San Juan erreka egokitu zen, 1,25 milioi euroko inbertsioa egin ondoren. Zegoen estaldura kendu zen eta Zumalakarregi etorbidearen eta Goiko plaza kalearen arteko ibilgua hobetu zen, ura husteko ahalmena handituz eta gainezka egiteko probabilitatea murriztuz.

HAPOn arautzea

Ainize Gastaka alkateak azpimarratu du lanek Laudiori "etorkizun handia" ekarriko diotela, "gure herria Nerbioi ibaiaren inguruan eraiki zelako, herrigunean natur txoko batez gozatzeko aukera emanez. Orain, gure aldetik, obra hauek HAPO zirriborro berrian arautzea dagokigu, Laudioko etorkizuna eta hazkundea bultzatzen jarraitzeko".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago