Urpeko irudiekin osatutako film labur eta dokumental onenetako batzuk ikusteko parada izango dute Amurriora hurbiltzen direnek maiatzean zehar, Nazioarteko Itsaspeko Zinemaren Zikloan. Lehen aldiz ospatuko da Amurrion, eta doakoa izango da.
"Ozeanoaren edertasuna eta hauskortasuna" ezagutzeko gonbita egin dute antolatzaileek, zinemaren, argazkigintzaren eta itsaspeko artearen bidez. Maiatzaren 8an, 15ean eta 22an film labur eta dokumentalak proiektatuko dira, 19:00etan hasita, Amurrioko antzokian. Gainera, ekainaren 16tik 30era argazki erakusketa bat izango da ikusgai La Casona liburutegian, goiz eta arratsaldez.
1975ean sortu zen Nazioarteko Itsaspeko Zinemaren Zikloa, "itsasoarekiko maitasuna eta errespetua transmititzeko eta haren aberastasuna eta biodibertsitatea ezagutarazteko" helburuarekin. Urteak joan ahala, itsaspeko zinema jaialdi luzeena bilakatu da munduan. Edizio honetan urpeko 700 argazkitik gora, 82 film labur eta 27 dokumental jaso dituzte antolatzaileek, eta horien artean egin dute hautaketa ofiziala.
Amurrioko Udalak itsasoko ingurumenaren sentsibilizazio mezua zabaldu nahi izan du, eta azaldu ziklo hau "aukera paregabea" izango dela "itsas hondoaren magian murgildu eta haren kontserbazioari buruz hausnartzeko".