Vidrala enpresaren Laudioko plantan izan dira gaur Imanol Pradales lehendakaria, Iranzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordea eta Andoitz Korta Industria Sustapeneko sailburuordea. Laudioko beira enpresaren labe berria inauguratu du lehendakariak, Carlos Delclaux Vidralako presidentearekin eta Raul Gomez taldeko CEOarekin batera.
"Astelehenean gertatutakoa oso larria eta arriskutsua da"
Lehendakariaren bisita baliatu du Vidralako presidenteak astelehenean izandako itzalaldiaren bueltan bere ezinegona adierazteko. Produkzioaren etenaldiak "galera milioidunak" ekarri dizkiola esan du Delclauxek, eta iragarri du neurriak hartuko dituela Red Electrica Españolaren aurka.
"Astelehenean gertatutakoa oso larria eta arriskutsua" dela adierazi du Delclauxek. Argi mozketak ordu luzez eten zuen produkzioa Vidralak Iberiar penintsulan barreiatuta dituen bost lantegietan, eta astearteko goizaldeko ordu txikiak arte ezin izan zituzten guztiak berriro abiarazi. Gaur gaurkoz ere, argi mozketak eragindako kalte guztien azterketa eta bukatu gabe dituela azaldu du multinazionalak.
Gomez zuzendariak "industria gizarteko elementu nuklearra" dela azpimarratu du, eta "hori babesteko ardura" eskatu die erakunde publikoei.

Hirugarren labea
Halaber, Delclauxek eta Gomezek azpimarratu dute 75 milioi euroko inbertsioa egin duela Vidralak produkzio lerro berria martxan jartzeko. Azpiegitura berriak "hamalau urteko bizi aurreikuspena izango duela eta hamarkadetako bizitza ziurtatzen diola Laudioko lantegiari". Labeak, gainera, fabrikaren energia iturri nagusia den gas naturala gutxiago kontsumituko duela ziurtatu dute, "energia iturri elektrikoen alde eginez". Hirugarren labearekin batera, instalazio fotovoltaiko berria eta beira birziklatzeko azpiegitura zabalduko ditu Vidralak Laudion.
Inbertsioa "bake sozialaren" berme izan behar dela azpimarratu du zuzendari nagusiak. Gomezen hitzetan, gatazkak hainbat inbertsio uxatu ditu euskal industrian, eta sindikatuen diskurtso "oldarkorrak" aipatu ditu. Laudioko lantegian sei urteko lan hitzarmena sinatzeko asmoa adierazi du Vidralako zuzendari nagusiak, "soldaten igoera suposatuko lukeena".
Pizgarri fiskalak enpresentzat
Imanol Pradales lehendakariak bere aldetik gogorarazi du euskal industriak argindarraren kontsumoaren %53 bereganatzen duela, eta adierazi du sare elektrikoaren ahalmena eta erresilientzia handitzeko premia larria dagoela. Lehendakariak azpimarratu du "industria deskarbonizatzeko erritmo azkarragoa behar dela, eta lehiakortasuna bermatzeko funtsezko faktore bezala aipatu du energia hornikuntza. "Asteleheneko itzalaldi masiboak bete-betean gogorarazi digu hori", esan du.
Ildo horretan, berretsi du erakundeek konpromisoa dutela energia intentsiboko industria sektoreak deskarbonizatzeko, bereziki zaurgarriak baitira erregai fosilen prezioen aldakortasunaren ondorioz. "Euskal erakunde guztiak horretan ari gara”, esan du. Ildo horretan, trantsizio energetikoan inbertitzen duten enpresentzako pizgarri fiskalak hobetuko dituztela iragarri du, laguntza zuzenak eta espezifikoak barne.
Sustatutako proiektuen artean, Hidrogenoaren Euskal Korridorea azpimarratu du: 70 kilometroko hidroduktu bat eraikiko da Bilboko Portuaren eta Aiaraldearen artean, eskualdeko industria sarearentzako hidrogeno berdea garraiatzeko.