Amurrioko Udalak Oporretan ere Euskaraz programa abiatuko du uztailean, 5 eta 12 urte bitarteko haurrei aisialdirako eta euskaraz hitz egiteko espazioak eskaintzeko. Programak 151.000 eurotik gorako aurrekontua izango du, eta 348 adingaberi lekua eskainiko die, lehentasuna Amurrion erroldatutakoentzat izango delarik.
Bi urteko iraupena aurreikusita du programak, eta luzatzeko aukera izango duela argitu dute. Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren parte da ekimenak eta ia 40 begiraleren talde profesional bat izango du. Pertsona horiek aisialdiko prestakuntza espezifikoa izango dute, eta hezkuntza premia bereziak dituzten haurrei laguntzeko langileak ere egongo direla dio udalak. Jarduerak Mendiko ikastetxean egingo dira, eta egitarauak talde dinamikak, irteera bereziak eta familiak inplikatzen dituzten ekintzak jasoko ditu, genero eta inklusio ikuspegi zehatz batetik.
Amurrioko alkate Txerra Molinuevok azpimarratu duenez, "udalerriko haurrak ondo pasatuz euskaraz erlazionatzea" nahi dute, "ingurune seguru, inklusibo eta natural batean". Azpimarratu duenez, programa hau "untsezko tresna" da hizkuntzaren transmisioa "eskolatik kanpo eta uda bezalako aldi garrantzitsu batean indartzeko".