Gaur hasiko dira kaleratzeak Guardianen, langileek kalte ordainak onartu ostean

Erredakzioa 2025ko api. 7a, 08:55

Aiaraldearen aldeko mobilizazioa aldundiaren aurrean. Argazkia: ALEA

Langile batzordearen iritziz "merke" atera zaio enpresari kaleratze kolektiboa. 

Laudioko Guardian enpresako langileak kalera joango dira gaurtik aurrera. Larunbatean egindako batzarraren gehiengoak onartu egin du enpresaren azken eskaintza, eta salaketa judizialari uko egin dio. Hortaz, kalte ordainak eskuratuta, kalera joango dira langile guztiak.

67 langilek eman diote baiezkoa enpresaren proposamenari, eta 65ek ezezkoa. Hala ere, bulegoetako langile eta erdi mailako arduradun gehienek ere enpresaren baldintzen alde egin dute, eta erabakigarria izan da hori.

Modu honetan amaituko da Guardianek urtarrilean abiatutako itxiera prozesua. Urtarrilaren 20an iragarri zuen enpresak Laudioko fabrika ixteko asmoa zuela, eta hurrengo astean ekin zion labea itzaltzeari. Langileak kaleratzeko espedientea, aldiz, martxoaren 3an aurkeztu zuen zuzendaritzak, eta ordutik hona hainbat bilera egin ditu enpresa batzordearekin, baina adostasunik lortu gabe.

ELA eta LAB sindikatuen hasierako asmoa epaitegietara jotzea zen, lantegia ixteko arrazoirik ez zegoela argudiatuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago