Baserriak zatikatu ahal izatea proposatu du EH Bilduk Okondon

Erredakzioa 2025ko api. 4a, 09:27

Okondoko Eskalza auzoko baserri bat. Argazkia: AFA

Baserrien hondatzea saihesteko eta etxebizitza beharrak asetzeko formula aurkeztu du EH Bilduk.

Okondoko udalerriko baserrien egoera are gehiago ez hondatzeko modua bilatzeko asmoarekin, eraikin handi horiek zatikatu eta etxebizitza txikiagoak egiteko mozioa aurkeztu du EH Bilduk. Aukera hori emateko, udal hirigintza araudia aldatzea proposatu du udal taldeak, egungo udal arau subsidiarioek baserriak bereiztea eragozten baitute.

Aldaketa hori, gainera, lehenbailehen egitea eskatu du EH Bilduk, "Okondoko ondarearen narriadura denboran luza ez dadin, eta gure bizilagunen etxebizitza premia estal dadin". EH Bilduk adierazi duenez, "Okondoko baserriak, gure ondarea, hondatzen eta behera etortzen ari direla ikusten dugu, eta ezin dugu hori onartu".

Mozioan, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari ere eskatzen die baserriak birgaitzeko laguntza lerroak ireki ditzatela, "jabetzako nahiz alokairuko etxebizitzen eskaintza arrazoizko prezioan zabaltzera bideratuko direnentzat".

Era berean, Okondoko udal gobernuari eskatu dio udal jabetzako etxebizitza egokitzeko lanak egitea, herritarren esku ipintzeko lehenbailehen. Horretarako, EH Bilduk Arabako Foru Aldundiaren obra txikiak egiteko hurrengo deialdian laguntza eskatzea proposatu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago