Amaitu dira Lamuza jauregiaren berritze lanak

Erredakzioa 2025ko mar. 27a, 14:57

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak aurkeztu du Lamuza berritua. Argazkia: AFA

Aldundiak Laudioko Udalari lagako dio erabilera, kultura eta hezkuntzako proiektuak garatu ditzan bertan. Apirilaren 30era arte bisita gidatuak egiteko aukera izango da.

Arabako Foru Aldundiak amaitu ditu Laudioko Lamuza jauregiaren zaharberritze lanak, eta aurkezpen publikoa egin dute gaur goizean. 5,5 milioi euro bideratu dituzte lan hauetara, eta horrekin, barrualdea berritu eta irisgarri egiteaz gain, fatxadak, estalkia eta berokuntza sistema ere berritu dituzte.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak jakinarazi du aurkezpen honekin amaitutzat ematen dutela Lamuza parkeko higiezin historiko guztiak birgaitzeko lana, eta aldundiak hartutako konpromisoa espazio hori "hiriaren motor kultural, sozial eta turistiko" bihurtzeko.

Bisita gidatuak

Bihar, martxoak 28, doako bisita gidatuen egitaraua abiatuko du aldundiak, jauregiaren ezaugarriak eta historia ezagutzeko aukera emango duena. Bisita ordutegia, asteartetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara izango da, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Aldez aurretik erreserbatu beharra dago bisita, Laudioko Turismo Bulegora deituta, 944 034 930 telefonoan. Apirilaren 30a arte egongo da bisitak egiteko aukera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago