Green Capital Development enpresak 200 metroko bost aerosorgailu jarri nahi ditu Larragorri eta Jesuri mendietan, Laudio eta Orozkoko lurretan. Atzo jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak baimena eman diola zentral eolikoari, eta Industria, Trantsizio eta Jasangarritasun sailak ontzat eman duela enpresaren ingurumen inpaktu txotena, aldaketa batzuk egiteko eskatu badiote ere.
Baimen gehiago behar ditu oraindik enpresak proiektua aurrera ateratzeko, udalek eman beharrekoak. Laudioko Udalak bere aldetik exijitu zuen proiektua bertan behera uzteko, eta Orozkoko Udalak ere ezezkoa emana dio. Orozkoko herritarrei Jesuriko parke eolikoaz galdetu zieten 2011an, eta ezetz esan zuen %84,9ak. Ikusteko dago hala ere udalen jarreragatik geldiaraziko den proiektua, Jaurlaritzak tresna legalak baititu udalen eskumenen gainetik halako erabakiak hartzeko, eta Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak Jaurlaritzaren inposizioa salatu du, udalen eta herritarren hitzari entzungor eginda erabakitzea egotzita.
Plataforma ekologistatik ere salatu dute babes bereziko eremuan eragiten duela zentral eolikoak, eta Laudioko Udalak aurkeztutako alegazioetan ere adierazi zuen Larragorriko proiektua bateraezina dela bere hirigintza planarekin eta lurralde antolamendurako erabakiekin, babestutako eremuetan halako proiektuak debekatzen baititu indarrean dagoen udal legediak.