Aiarako Udalak Alavabuseko L-15 eta L-16 lineetako autobusak, Luiaondo paretik pasatzen direnean, herrian sartu eta geldialdiak egiteko eskatu du, eta bertako biztanleen 844 sinadura aurkeztu ditu aldundian. Pruden Otegi Aiarako alkateak adierazi duen moduan, "Luiaondotik igarotzen diren L-15 eta L-16 lineetako autobus guztiak herrian sartzea eta horretarako prestatutako bi geralekutan gutxienez gelditzea eskatzen dugu".
Udalak ohar batean azaldu duenez, Gasteiz-Laudio-Gasteiz bidaia egiten duen L-15 linearen kasuan, Laudiorako bidean, beti eskatu behar da geldialdia egiteko aldez aurretik, eta ordutegi batzuetan soilik egin daiteke. "Luiaondoko bezeroek ez dute jakiterik autobus horiek geldituko diren".
Bestalde, Laudiotik Gasteizera, Luiaondo paretik pasatzen diren 21 autobusetatik batzuk soilik sartzen dira herrian. Gainera, Artziniegatik Okondora doan L-16 lineak ere ez du geldialdirik egiten Luiaondon. "Horrela, Luiaondo isolaturik geratzen da Aiarako gainontzeko herrietatik, autobus zerbitzuari dagokionez".
Tren maiztasun "duin" bat
Trenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzara 800 sinadura bideratu ditu Aiarako Udalak, eta C3 linea, Urduña eta Abando elkartzen dituena, Aiaran "maiztasun duin" batekin gelditzeko eskatu du.
Udalak azaldu du Luiaondon geltokia duten trenetan ordu erdiro tren bat igarotzen dela, 07:00etako espazioan izan ezik. "07:30eko trena kendu dute, hain zuzen Aiaran lanera edo ikasketetara joateko erabiltzaileek hartzen zutena. Horrek protestak eragin ditu, beharrezkoa jotzen delako". Gauza bera gertatu da 08:30eko trenarekin, udalaren arabera.
Dirudienez, 07:30eko trenaren desagerpenaren arrazoia da ordu berdinean Amurriotik Abandorako Civis tren bat abiatzen dela; eta Renfek udalari jakinarazi dio Civisek ez dutela Luiaondon geldialdirik egiten ez dagoelako zerbitzua emateko behar den erabiltzaile kopurua. “Ez dakigu noiz egin den Luiaondoko geltokian trena hartzen duten erabiltzaileen kopuruaren azterketa", esan du alkateak.
Eskaera hauetara aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ahalik eta azkarren erantzutea espero du Aiarako Udalak, "Aiaralderako programatzen diren hobekuntzetatik ezin baita Aiarako udalerria alde batera utzi".