Ruperto Urkijo gogoratuko dute Laudion

Erredakzioa 2025ko mar. 21a, 15:20

1875an jaio zen Ruperto Urkijo. Argazkia: LAUDIOKO UDALA

Martxoaren 29an haren musika entzungo da herriko hainbat bazterretan.

Musikak hartuko ditu Laudioko kaleak hilaren 29an, Ruperto Urkijoren jaiotzaren 150. urteurrenean. San Pedro elizan egingo duten mezarekin hasiko dituzte omenaldi ekitaldiak, 12:00etan, eta ordu erdi geroago Arloteek bere obra ezagunenak abestuko dituzte haren omenez eraikitako estatua aurrean, Lamuza plazan. "Bere oroitzapena bizirik mantentzeko egin dakiokeen omenaldirik onena bere abestiak abestea da. Haren aztarnak musikan bizirik dirau", goraipatu du Sonia Respaldiza Kultura zinegotziak.

Eguerdian, 13:15etik 14:00etara, herritarrak kantu-kalejiran murgilduko dira Arlotoeek udalarekin elkarlanean antolatutako egitarauari jarraipena emateko. Eta Ruperto Urkijo Bolatoki elkarteak haren omenez bolo-tirada irekiak izango ditu egun osoan zehar, egitarauari amaiera emanez.

Gaztetatik musikazalea

1875ean jaio zen Ruperto Urkijo, Laudion, eta gaztetatik izan zen musika zalea. Lamuzako San Pedro parrokiako organistarekin ikasteko aukera izan zuen, besteak beste, baina soldadutzatik itzuli arte ez zituen musikari gisa lehen urratsak egin, 1915ean. Orduan, bere lehen abestia den Luciano y Clara interpretatu zuen, gaur egun haren piezarik ezagunenetako bat; baina gerra zibilaren ondorioz Frantziara erbesteratu behar izan zuen familiarekin.

1941ean, berriz ere Laudion, familiaz eta Rakatapla (talde horretako sortzailea zen) eta Arloteak osatzen zuten lagunez inguraturik, berriz ere ospakizunak girotzeko koplak idazteari ekin zion, zenbait olerki eta antzezlanekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago