Altzairungintzatik sortutako hondakinekin asfaltoa egingo duen fabrika bat zabaldu dute Murga herriko industrialdean. AEBetako Enviri korporazioaren Steelphalt lantegiko honek 30.000 metro koadroko eremua du, eta hamabost langile izango ditu. Urtebeteko lanen ostean, gaur egin dute inaugurazioa.
Enpresatik gogoratu dutenez, orain arte Erresuma Batuan bakarrik jarduten zuen fabrikazio eredu aitzindari horrek, eta nazioartekotzeko gune gisa aukeratu dute Aiaraldekoa, ostean beste herrialde batzuetara zabaltzeko asmoz. Bertan, 190.000 tona hondakin jaso ahal izango dira, EAEn sortzen denaren erdia, eta urtean 200.000 tona asfalto ekoitziko ditu lantegiak.
Imanol Pradales lehendakaria izan da inaugurazioan, eta nabarmendu du Europako berrindustrializazio prozesuak "aukera berrien garai bat" zabaldu duela Aiaraldea bezalako industriaguneentzat. "Gaitasun horiei ahalik eta etekin handiena atera behar diegu, buruarekin jokatuz. Lehiakortasunean abantaila lortzeko, eta trantsizio ekologiko ordenatu, orekatu eta bidezkoa ahalbidetzeko. Deskarbonizazio prozesuak azkartu behar ditugu. Azkarrago joan behar dugu, bai, baina sektore, jarduera eta pertsona bat bera ere atzean utzi gabe".