Langileak kanpoan protestan zirela elkartu ziren astelehenean enpresa batzordea eta sindikatuak zuzendaritzarekin, eta Laudioko lantegiko langile guztiak kaleratzeko espedientea aurkeztu zien enpresak. 171 langileak kaleratzeko prozedura martxan da beraz.
Langileen ordezkariek espedientearen aurka egin dute, eta enpresari exijitu diote Guardianeko labea berriz martxan jarri eta langileak ez kaleratzeko. Datorren astelehenean egingo dute espedientearen kontsulta epeko bigarren bilera, eta berriz bilduko dira zuzendaritzarekin.
Ez dute argitu noiz arte iraungo duen kontsulta epeak, baina langileek elkarretaratzea deitu dute datorren astelehenerako ere. Gainera, ostegun honetan Arabako Batzar Nagusietan protesta egingo dute langileek, 11:00etan.
Aiaraldea hiriburura protestan
SOS Aiaraldea plataformak eskualde ekimena deitu du Gasteizen, Guardianeko kaleratzeen aurka eta eskualdeko enpleguen suntsiketa salatzeko. Etorkizun duin baten alde borrokatzeko Foru Aldundiaren aurrean egingo dute agerraldia, martxoaren 15ean, Gasteizen.
Autobusak antolatu dituzte eskualdetik hiriburura, Laudio, Luiaondo eta Amurriotik irtenda. Eskualdeko biztanle guztiei dei egin diete ekimenera batzeko.