Aldundiak idazkaritza tekniko bat sortuko du Aiaraldeko Txakolinaren Ibilbidea dinamizatzeko

Erredakzioa 2025ko ots. 26a, 09:19

Cristina Gonzalez diputatuak aurkeztu du idazkaritza teknikoa. Argazkia: AFA

Txakolinaren enoturismoa kudeatzeko eta sustatzeko tresna izango dela aurreratu du Cristina Gonzalez diputatuak.

Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak idazkaritza tekniko bat sortuko du aurten, Aiaraldeko Txakolinaren Ibilbidea dinamizatzeko, txakolinaren enoturismoa kudeatzeko eta balioesteko tresna gisa, eta eskualdeko upeltegiak, ostatuak, jatetxeak eta tokiko merkataritza sustatzeko eta merkaturatzeko. Txakolinaren Ibilbidea osatzen duten enpresek parte hartu dute tresna hori definitzeko azterlanean.

Cristina Gonzalez lehenengo diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak azaldu duenez, "Txakolinaren Ibilbideak potentzial handia du: ingurune idilikoetan kokatutako upeltegi desberdin eta elkarren osagarriak, kalitatezko tokiko ekoizleak, ondare natural eta historiko aberatsa, lehen mailako museo eta kultura eskaintza... Erronka da baliabide horiei balioa ematea eta kalitatezko eskaintza enoturistikoa eta lehiakorra garatzea, eta idazkaritza teknikoa tresna bat izateaz gain aukera bat ere bada guztiok, sektore pribatuak eta erakundeek, horri ekiteko ", gaineratu du.

Txakolinaren Ibilbidea osatzen duten enpresek aukera izan dute erakundearen egungo egoerari eta kudeaketa ereduari, bazkideen arteko harremanari, sektorearen egungo beharrei eta etorkizuneko proposamenei buruz eztabaidatzeko eta horren inguruan beren ikuspegia partekatzeko. Berez, azterlana Aiaraldeko turismo arloko Berehalako Ekintza Planeko ekintzen parte da. Plan horren zatirik handiena 2024an gauzatu zen, eta honako hauek barne hartzen ditu: Aiaraldea turismo helmuga gisa sustatzeko kanpaina bat, sustapen materiala argitaratzea, influencerren fam tripa, Txakolinaren Ibilbidea Portorako bidaia tekniko gisa sustatzeko ekimenak, upeltegien 3Dn bisita birtualak egiteko programazioa, eta helmuga Madrilen aurkeztea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago