Petronor Euskal Herriko petroliogintza enpresa handienak hidrogeno berdearen aldeko apustua aurkeztu du. Irailean hasi nahi dute eraikitzen ehun megawatteko potentzia izango duen elektrolizatzailea, hidrogeno berdea ekoizteko energia berriztagarriarekin sorturiko argindarra erabiliz. “2028 erdialderako” izan nahi dute martxan makina, Petronorreko ordezkarien esanetan.
Muskizeko plantatik Aiaralderaino iritsiko den hodia eraiki asmo dute, hidrogeno hori garraiatzeko. 70 kilometro inguru izango ditu hodibide horrek, eta 2030. urterako amaitua izatea aurreikusi dute enpresako ordezkariek.
Aiaraldeko industria elikatzeko asmoa du hala Petronorrek, beira eta altzairuzko tutuak ekoizten dituzten enpresentzat bereziki, izan Tubacex, Tubos Reunidos edo Vidrala, esaterako. Hidrogeno berdea Bizkaiko altzairutegietara ere eramateko asmoa azaldu du enpresak, Basauri eta Sestaora.
Jose Ignacio Zudaire Petronorren ordezkariak azaldu du asteon, hurrengo urteetarako inbertsioak aurkeztean, industria deskarbonizatzeko aukera aproposena dela hidrogenoa. Bere hitzetan, bereziki eraginkorra da hidrogenoa 500 gradutik gorako beroa behar duten jardueretan, eta hori da Aiaraldeko enpresa hauen kasua.
Hidrogeno berdea?
Hidrogenoa erregai gisa aurkeztu ohi da, baina ez da berez energia iturri bat, energia bektorea baizik. Hau da, energia biltegiratzeko modu bat da, gerora erabili ahal izateko. Elektrolisi deituriko prozesu baten bidez uraren hidrogenoa eta oxigenoa banatzen dira, eta hidrogeno hori da gerora erregaia izango dena.
Hidrogenoa “berdea” izango den edo ez ikusteko, elektrolisia egiteko erabiltzen den energia iturriari begiratzen zaio. Energia berriztagarriekin egin bada, esaten da berdea dela hidrogenoa. Trantsizio energetikorako elementu interesgarri gisa aurkeztu izan da hidrogenoa. Izan ere, sortzeko energia eskatzen badu ere, erabilera zehatz batzuetarako elektrizitatea baino eraginkorragoa izan daiteke.
Energia fosilak elektrizitatearekin ordezkatu daitezke zenbait eremutan, auto elektrikoetan esaterako. Baina beste hainbat esparru elektrifikatzeko oztopo tekniko ugari daude, garraio astunean eta industrian adibidez. Horietarako izan daiteke baliagarria hidrogenoa, Aiaraldeko industrian kasu.
Muskizeko enpresak iragarri du Repsoli erosiko diola energia berriztagarriekin sortutako argindarra, elektrolizatzailea elikatu eta hidrogeno berdea sortzeko. Bi enpresa diren arren, Petronorrek Repsolen filial gisa funtzionatzen du, hau baita Petronorreko akziodun nagusia.
Petronorrentzako errentagarritasuna
Hurrengo sei urteetarako 1.127 milioi euroko inbertsioa iragarri du Petronorrek, eta horietatik 544 milioi izango lirateke ekoizpen gailu berrietan erabiltzeko, hidrogeno sorkuntza barne. Bestalde, 182 milioiko laguntza publikoak kalkulatu ditu enpresak berak bere txostenean, kontuan hartu gabe deskarbonizazio proiektuak izateagatik jasoko lituzketen zerga kenkariak.
Zudairek adierazi du gaur egun gasa erabiltzea merkeagoa dela enpresentzat hidrogenoa erabiltzea baino, baina etorkizunean hidrogenoa “modu lehiakorrean” ekoizteko itxaropena azaldu du.