Herritarrek aukeratuko dituzte Sanrokeetako kontzertuak

Erredakzioa 2025ko ots. 19a, 14:08

Argazkia: Ladilla Rusa.

Besteak beste, The Baboon Show, J Martina, Merina Gris, Su ta Gar eta Ladilla Rusa daude aukeren artean.

Igandera bitartean, laudioarrek aukeratuko dituzte aurtengo Sanrokeetako musika taldeak. Zehazki, abuztuaren 16, 17 eta 28ko kontzertuak zeintzuk izango diren erabakiko dute, proposatutakoen artean.

Jaien lehen larunbaterako, abuztuaren 16rako, Iseo & Dodosound, Chambao, The Baboon Show, J Martina eta Ana Tijoux taldeak proposatu dituzte. Abuztuaren 17rako, Su ta Gar, Xiberoots, Süne, Merina Gris eta Bengo izango dira aukerak, eta abuztuaren 28rako S.A., Mägo de Oz, Lendakaris Muertos, Ladilla Rusa eta León Benavente.

"Herritarrek prozesua gogoz hartzea espero dugu. Proposatutako musika taldeak Jai lan taldearen bilera irekira ekarritakoak izan dira. Aurten euskara eta emakume musikariak osatutako taldeak egotea bermatuko dugu", aurreratu du Jaietako zinegotziak, Sonia Respaldizak.

Bozketa online izango da, Laudioko Udalaren webgunearen bitartez. Aurrez aurre bozkatu nahi dutenek udaletxeko sarreran izango dute aukera, 11:00etatik 14:00etara, astelehentik ostiralera.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago