Laudioko 37 negoziok parte hartuko dute Laudio Zero Plastic kanpainan, herritarrak plastikoaren gehiegizko kontsumoaz kontzientziatzeko helburuarekin. Udaletik zehaztu dutenez, kanpaina hil honetan zehar egingo dute, eta plastikoen erabilera murrizteko jarraibide, baliabide eta ohitura jasangarriak eskainiko dituzte.
Datozen egunetan, beraz, Laudioko 37 negoziok inprimaki bat jasoko dute plastikoaren erabilera arduratsuaren inguruko jardunbideekin, bai eta etorkizunean plastikoen erabilera murrizteko argibideekin ere. "Laudioko mapa interaktibo bat egingo da, non saltokiak erakutsiko diren, haietako bakoitzak plastikoaren erabilera minimizatzeko eskaintzen dituen aukerekin", azaldu du Iñigo Martinez zinegotziak.
Horrez gain, ekimenean parte hartuko duten saltokiek bereizgarri bat jasoko dute Laudio Zero Plastic kanpainarekiko konpromisoa aitortzeko. Kanpainan parte hartzeko edo zalantzak argitzeko, interesdunek informazio gehiago lor dezakete merkataritza@laudio.eus helbide elektronikoaren bidez edo Laudio Hazi Garapen Agentziako telefonora deituz: 94 403 49 80.