Tubos Reunidos enpresako 250 langile ez dira lanera joango matxura baten ondorioz

Erredakzioa 2025ko ots. 17a, 10:27

Gaur hasiko dira labeko matxura barrutik ikertzen. Argazkia: Tubos Reunidos

Amurrioko lantegiko labe bat itzali behar izan dute, konponketak egiteko. Sindikatuek salatu dute ardura zuzendaritzarena dela, eta ez dela zuzena langileek ordaindu behar izatea ondorioak.

Tubos Reunidos enpresak Amurrion duen lantegian matxura bat antzeman zuten joan den astean, "solera" deitzen zaion labea ez zelako behar beste berotzen. Labe kanpotik arazoa konpondu ezin, eta itzali egin dute labea, barrutik konpontzeko. Gaur hasiko dira langileak, behin hoztuta, labeko arazoa barrutik ikertzen, "ahalik eta azkarren" irtenbidea bilatzeko.

Enpresak adierazi duenez 250 langile inguru ezingo dira lanera joan matxura konpondu arte. Lau egun behar ditu labeak hozteko, eta beste hiru egun atzera martxan jartzeko. Igande gaueko txandan jada ez ziren lanera joan, eta matxuraren ondorioz lan egin ezingo duten langileei esan diete printzipioz larunbata arte ezingo dutela itzuli. Hala ere, enpresak adierazi du oraingoz dituzten eskaerekin aurrera jarraituko dutela, "normaltasunez".

Gaur elkartuko dira zuzendaritza eta enpresa batzordea egoera aztertzeko, eta ikusteko nola eragingo dion plantillari geldialdi honek. Zuzendaritzak bi aukera aurkeztu zituen. Batetik, orain egin ezingo dituzten lanorduak aurrerago betetzea, hau da, langileek euren gain hartzea orduak berreskuratzeko ardura lanaldi erregularren bitartez. Bestetik, indarrezko espedientea ezartzeko aukera ere jarri zuen mahai gainean.

Sindikatuak kexatu egin dira, argudiatuz labearen matxura zuzendaritzaren ardura dela. Gainera, adierazi dute langileek eta lantegiko arduradunek gomendioak eman zizkietela honen inguruan, eta horiek bete ez izanaren ondorioz datorrela arazoa. "Euren errua izan da, ez dakigu zergatik ordaindu behar dugun guk euren hanka-sartzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago