Amurrion gizon bat atxilotu dute sareetan hildako guardia zibilak "iraintzeagatik"

Erredakzioa 2025eko otsailaren 13a

Amurrion atxilotu dute mezu iraingarrien ustezko egilea. Argazkia: Guardia Zibila

"Mejor poli muerto, abono para el huerto" idatzi zuen iaz sare sozialetan, 4 milioi jarraitzaile zituen kontu batean.

Guardia Zibilak jakinarazi du Amurrion gizon bat atxilotu dutela, mezu iraingarriak idatzi izana leporatuta. Andaluzian istripu batean hildako bi guardia zibilen harira, "mejor poli muerto, abono para el huerto" idatzi zuen atxilotuak bere sare sozialean. Ez dute zehaztu zein plataformatan idatzi zuen mezua, baina nabarmendu dute lau milioi jarraitzaile baino gehiago zituela kontuan.

Iazko martxoan, Sevillako Los Palacios herrian bi guardia zibil hil ziren, kamioi batek harrapatuta, AP-4 errepidean lanean zebiltzala. Guardia Zibilaren esanetan, gertakari horri erantzunez idatzi zuen atxilotuak "hobe polizia hila, baratzerako ongarria" esaldia. Irain delitua leporatzen diote, isun ekonomikoa ekar diezaiokeena zigortuko balute, baina delitu honek ez du kartzela zigorrik.

Hildako guardia zibilek berez Gasteizen zuten postua, baina Sevillan zeuden momentu horretan lanean. Grupo de Accion Rapida taldeko kide ziren.

Salaketa anonimoa

Iazko maiatzean hasi zen ikerketa, Guardia Zibilak jakinarazi duenez, indar armatuaren telefonoan dei anonimo bat jaso zutenean. Bertan jakinarazi zieten "mezu iraingarriak" idatzi zituela sare sozialen erabiltzaile batek.

Dei horretatik abiatuta, ikerketa hasi zuten sareetako kontu horren atzean nor zegoen jakiteko. Amurrioko bizilagun batengana heldu ziren, eta azkenerako atxilotu egin dute. Irain delituak isun ekonomikoa ekar dezake, betiere "irain larriak" eta "publizitatearekin" eginak izatekotan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago