Amurrioko Emakumeen Sareak deituta, dozenaka herritar bildu dira astearte honetan San Juan Plazan, Erasorik ez erantzunik gabe zioen pankarta baten inguruan. Amurrioko Emakumeen Sareak salatu duenez, emakume bat kaletik paseatzen zebilela gizon bat jarraika izan zuen masturbatzen ari zela.
Sareak salatu du indarkeria matxistak jazarpen sexualaren eta intimidazioaren bidez emakumeen bizitzak baldintzatzen dituela. "Nazkatuta daude gure gorputzak sexualizatzeaz, objektu sexual bezala ikusiak izateaz, eta kalera ateratzen garenean halako egoerak bizitzera ohitu behar izateaz".
Indarkeria matxistaren aurrean instituzioen papera kolokan jarri du sareak, eta eskaera argia luzatu dute: "Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu". Halaber, autodefentsa feministarako deia egin dute. "Saretuta gaude, erasoak salatzeko, seinalatzeko eta erantzuteko prest. Antolakuntza feminista delako gure tresna. Lotsa eta beldurra bandoz aldatu dadin, borrokan jarraituko dugu".
Udalaren gaitzespena
Horren haritik, Amurrioko Udalak kasuaren berri izan duen unetik indarkeria matxistari erantzuteko protokoloa aktibatu duela azpimarratu du, erantzun instituzionala eta biktimaren eta haren ingurunearen arreta koordinatzeko.
Hartara, jazotako eraso matxista irmoki gaitzetsi du udalak, eta biktimarekiko eta haren ingurukoekiko "laguntza eta hurbiltasuna" erakutsi nahi izan du erakundeak. Gogoratu du, gainera, emakumearen eskura jarriko dituela "behar dituen baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak".