Ramiro Gonzalezek esan du Aiaraldea ez dela inbertsiorako erakargarria lan gatazken ondorioz

Erredakzioa 2025ko ots. 3a, 16:43

Ramiro Gonzalez agerraldira heltzen. Argazkia: AFA

Akordio sozial handia eskatu du ahaldun nagusiak Aiaraldea inbertitzaileentzat erakargarri bilakatzeko. Lan gatazka handiek "irudi txarra" sortu dutela dio, eta "lankidetzaren kultura" aldarrikatu.

Guardian lantegiaren itxieraren testuinguruan, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak "akordio sozial handia" eskatu du, eskualdea berriz ere erakargarria izan dadin atzerriko talentu eta inbertitzaileentzat. Azaldu duenez, Aiaraldeak lan "gatazka handiak" izan dituenez eskualdearen "irudia txarra" da, eta hausnarketarako deia egin du, "eskualdearen pertzepzioa aldatzeko". 

Aiaraldeak etorkizuna duela adierazi du Gonzalezek, eta gaurko agerraldian azaldu du erakundeek egindako lana Guardianeko labea eta lantegia mantentzeko. Hurbildu diren inbertitzaileekin hizketan aritu direla jakinarazi du, eta enpresarekin berarekin bidea adosten, "proiektuari etorkizun bat emateko".

Hala ere, inbertsioak lortzeko zailtasun gisa aipatu du eskualdearen irudi txarra. Azaldu du pertzepzio horiek aspalditik heldu direla Foru Aldundira, eskualdeko zein kanpoko eragile ekonomikoekin izandako harremanetan, "batez ere Tubacexen gertatutakoaren ondoren". "Eskualdeak lehikorra eta erakargarria izan behar du inbertsiorako, eta horrela bakarrik sortuko dira Euskadiko erreferente industriala izateko baldintzak", ohartarazi du ahaldun nagusiak.

Aiaran "lankidetzaren kultura" indartu beharra argudiatu du Gonzalezek, akordio sozialaren barnean. Legebiltzarrak eskualdeari buruz duela lau urte egindako hausnarketan aipatzen zen beharrezkoa zela "komunikabideetan isla atseginagoa izatea eta sindikatu-, lan- eta gizarte-harremanak hobetzea, absentismoa eta enpresa handien deslokalizazio-mehatxua murrizteko". Adostasun politikoa eta adostasun soziala eskatu ditu ahaldun nagusiak, eskualdeko egoerari buelta emateko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago