Laudion ertzain bat ikertzen ari dira, gazte talde batek salaketa jarri ondoren. Leporatzen diote lanean ez zegoen momentuan pistola atera eta haiek mehatxatu izana, eztabaida bat izan ostean. Ertzaina etxetik atera zen, oihu batzuk entzun zituelako, norbaiti eraso egiten ari zirela pentsatuta.
Joan den ostiral gauean izan ziren gertakariak, larunbat goizaldean, Laudio inguruan. Hemezortzi urte inguruko hamar gazte zeuden kalean, ertzainaren etxetik gertu, landa eremuan. Dirudienez, gazteetako baten autoa lokatzetan harrapatuta gelditu eta ateratzen saiatzen zebiltzan. Ertzaina, zaratak entzun ostean, etxetik irten zen eta gazteengana hurbildu.
Gazteen bertsioaren arabera, zerbitzuz kanpo zegoen ertzainak haietako bat kolpatu zuen, pistola batekin mehatxuak egin zituen eta auto batean kalteak eragin. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta akusatuak uko egin dio polizia etxean deklaratzeari. Gazteetako batek jasandako kalteen partea ere aurkeztu zuen salaketan, eta denek deklaratu zuten ertzainak arma atera zuela. Ertzaina ez dute atxilotu, baina ikertzen ari dira, mehatxu, lesio eta kalteen ustezko delitu batengatik.