Maiatzaren 30ean eta 31n Amurrioko El Reforren antolatu duten Aiara Fest musika jaialdiaren antolakuntzako gizonezko bat indarkeria matxistagatik salatu dute azken asteetan, bai sare sozialen bitartez (Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan, besteak beste) bai Amurrioko kaleetan egindako pintadekin ere. Salaketak, azkenean, erantzuna izan du. Izan ere, Aiara Zuzenean jaialdiaren talde sustatzaileak publikoki jakinarazi du salatutako gizona erakundetik zein jaialditik baztertu duela, Amurrioko Udalarekin eta mugimendu feministarekin bildu eta gero.
"Bilera horren ondoren erabaki dugu jakinaraztea pertsona hori sozietateko akziodunetatik atera dela, erakundetik bereizi dela, eta Aiara Festek sor dezakeen edozein onura edo etekin ekonomikoa ere lortzeko aukera blokeatu dela. Beraz, gaur egun, pertsona horrek ez du inolako loturarik musika ekitaldi horrekin", azaldu du Aiara Zuzenean-ek. Emakumeen eta beren eskubideen kontrako aurkako ekintza eta iritzi guztiak gaitzetsi dituzte jaialdiaren antolatzaileek, eta berretsi dute Aiara Fest "eraso matxistarik gabeko leku segurua dela eta izango dela". Halaber, esan dute eraso horiek ekiditeko segurtasun protokoloak berrikusteko eta beharrezko neurriak hartzeko eta indartzeko konpromisoa hartu dutela, Amurrioko Udalaren eskutik.
Bestalde, Aiara Zuzenean taldeak ohartarazi du ekintza judizialak abiatzeko eskubidea duela "ustezko erasotzailearen edo jaialdiarekin zerikusirik ez duten pertsonen bizitza pribatuarekin edo portaerarekin lotzen dituzten medioen edo pertsonen kontra jotzeko".
Halaber, adierazpen horren aurretik sarrerak erosi eta itzulketa eskatu nahi dutenek, horretarako aukera izango dutela iragarri dute, urtarrilaren 31ra arte, kaixo@aiarafest.com helbidearen bidez.
Amurrioko Udalaren oharra
Amurrioko Udalak bere aldetik prentsa ohar bidez azaldu du Amurrioko Udaleko Berdintasun Batzordea, EAJ, PSE eta EH Bilduko ordezkariek osatua, jaialdiaren antolatzaileekin eta herriko mugimendu feministarekin bildu zela asteazkenean arratsaldean. "Topaketan, Aiara Festeko antolakuntzak adierazi zuen salatutako pertsona jada ez dela talde antolatzaileko kidea eta ez duela inolako harremanik jaialdiarekin". Baieztapen hori legez jasota geratu dela esan du udalak.
Berdintasun batzordeak Aiara Fest "ingurune libre eta seguru batean garatzeko" bere ahalegin guztiak bideratzeko konpromisoa berretsi du. Gainera, ekitaldiaren antolakuntzak jaialdira egokitutako protokolo espezifiko bat ezar dezan lan egingo duela esan du, indarkeria matxista, homofobikoa eta transfobikoa "berme osoz jorratzeko eta prebenitzeko". Halaber, Amurrioko Udalak eraso edo indarkeria matxista mota oro gaitzetsi ditu, eta "berdintasunezko gizarte seguru eta indarkeriarik gabeko baten aldeko borrokarekiko konpromisoa" berretsi du.