Laudioko Udalak jakinarazi du datorren astelehenetik aurrera astero egingo dela merkatu ekologikoa herriko plazan, arratsaldez, 16:30etik 20:30era. Aiaraldea eta Laudio erreferente bilakatu nahi dituzte ekimen honekin, Euskal Herriko ekoizpen ekologikoaren sisteman.
Astelehenero bilduko dira bertan ekoizle eta erosleak, eta oraingoz hamabi nekazarik eman dute izena. Araba eta Bizkaitik etorritako ekoizleek "produktu sorta zabala eta askotarikoa" eskainiko diete laudioar zein bisitariei, udaletik adierazi dutenez. "Parte hartu nahi duten pertsona guztiek merkatuan espazio bat izan dezaten", iragarri dute artisauek txandaka parte hartuko dutela. Eskaintzaren aniztasuna sustatu nahian, ekoizle gehiagorentzako aukera zabaldu nahi dute, Laudioko merkatu ekologikoan parte hartu dezaten.
Datorren astelehenean, abenduaren 23an, egingo dute inaugurazioa, eta bertan aukera izango da dastatzeko fruta eta barazkiak, ardo artisau eta ekologikoa, teak zein infusioak. Tokiko sortzaileek egindako artisau produktuak ere topatu ahal izango dira bertan, belarritakoak, ehun-osagarriak eta makrame produktuak, besteak beste.
Ekimena Aiaraldeko nekazaritzako elikagaien estrategiaren barruan kokatu du udalak, eta Ekintaeko elkartearekin elkarlanean kudeatuko dute. Ekoizpen ekologikoan erreferente izatea lortu nahi dute, "kontsumo arduratsu, jasangarri eta hurbilekoa sustatuz", Ludi Temiño Lehen Sektoreko zinegotziaren hitzetan. Merkatu "funtzional eta finkoa" eratu nahi izan dute, astelehenero ikusi ahal izango dena Laudioko herriko plazan.