Aiaratarren jauregian hotel-spa bat paratu nahi dute

Erredakzioa 2024ko abe. 10a, 13:00

Kexaako Monumentu Multzoa aldundiarena da 2022. urtetik. Argazkia: AFA

Aldundiak deitutako ideia lehiaketaren proposamen irabazleak hotela eta jatetxea aurreikusten ditu.

Kexaako Monumentu Multzoa Aiaralderako garapen ekonomikorako elementu gisa sustatzeko ideia lehiaketan lehen postua eskuratu duen proposamenak hotel-spa bat, museo bat eta jatetxe bat proposatu ditu multzorako. Ideiari jarraiki, hotel-spa aiaratarren jauregi oinetxean paratuko lukete, eta Done Joan Bataiatzailearen komentuan "gastronomiari eskainitako espazio bat" jarriko lukete, aldundiak gaur zabaldutako informazioaren arabera. Horrez gain, multzoak museo bat eta bisita gidatuak jasoko lituzke.

Eraikuntza egiteko planteamendu arkitektonikoa Box in box da; hots, Kutxa, kutxa barruan, ondare historikoaren barruan eraikin garaikidea kokatzeko. "Horretarako, lehendik dagoen arkitektura errespetatzen duen esku hartze dotorea diseinatzen dute, eta oso poetikoak diren espazioak proposatu, gogora ekarrita bakea, simetria, ondarearekiko errespetua eta natura ingurunea behatzea bezalako balioak", ezagutarazi du aldundiak.

Estela Roca Rom Kataluniako arkitektoak Kexaa garaikidea lelopean aurkeztu duen proposamenak lehen postuari dagokien 20.000 euroak eskuratu ditu ideia honekin. Studio Mistura SLP enpresaren Historiaren oihartzunak izeneko txostenak bigarren postuko 10.000 euroak bereganatu ditu, eta paradore bat, "kalitate handiko" jatetxe bat eta aiaratarren leinuaren interpretazio zentro historiko bat proposatu ditu. Orotara, lau proposamen aurkeztu dira aldundiak egindako lehiaketara.
 
Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak azaldu du lehiaketarekin identifikatu nahi izan dituztela "zer erabilera publikok, pribatuk edo lankidetza publiko-pribatua oinarri duenak ematen dioten garrantzia Kexaako Monumentu Multzoari". Haren hitzetan, ekimenak "palanka eta pizgarri" izan nahi du eskualdea garatzeko.

Orain aldundiak "sustatzaileak bilatu eta identifikatu" beharko dituela aurreratu du, "lankidetza publiko-pribatua oinarri". Aurreratu dute "planteamendu irekia" izango dela, lehiaketako ideia batzuk aintzat izanda, baina baita "sor daitezkeen beste ekimen batzuekin" bateragarri izan daitekeena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago