57 urteko langile bat hil da, istripu ez traumatikoan, Amurrioko Aceralavan

Erredakzioa 2024ko aza. 8a, 16:00

Amurrioko Tubacex enpresaren fabrika. Argazkia: AIARALDEA.EUS

Enpresa batzordeak azaldu duenez, behargina eskualdekoa zen, eta Zamalloa SL enpresa azpikontratatuarentzat egiten zuen lan. Bihotzeko baten ondorioz hil da langilea.

Gaur goizean, A.S.O. 57 urteko langilea hil da Tubacexeko Amurrioko Aceralava enpresan, bihotzeko baten ondorioz. Hildakoa Construcciones Jagoba Zamalloa SL enpresako langilea zen, eta enpresa batzordeak azaldu duenez Aiaraldekoa zen. Enpresa batzordeak azaldu duenez, langilea ondoezik sentitu da lanera sartzerakoan eta orduan gertatu da ezbeharra. "Gertatutakoa aztertuko da, eta enpresak esan digu datorren astean emango dituela dagozkion azalpenak", esan dute.

LAB sindikatuak gogoratu duenez, gaurkoarekin, gutxienez 52 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. "Azkeneko lan heriotza honetan, bat egin dute laneko heriotza ugaritan aurki ditzakegun bi ezaugarrik. Batetik, azpikontrata bateko langilea zen hildakoa, eta bestetik, istripu ez traumatikoa izan du".

LABek nabarmendu duenez, heriotza hau "Confebask patronalak absentismoari buruz antolatutako jardunaldien hurrengo egunean izan da, eta horrek, berretsi baino ez gaitu egiten behin baino gehiagotan salatu dugunean, patronalarentzat laneko osasun eta segurtasuna ez direla lehentasunak, ez diola prebentzioari garrantzirik ematen eta doan ateratzen zaiola araudia ez betetzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago