EAJk eta PSEk "lotsagarritzat" jo dute EH Bilduren jarrera

Juanma Gallego 2024ko aza. 6a, 10:29

EH Bilduk azken osoko bilkuran izandako jarrera kritikatu dute udal gobernuan dauden alderdiek. Argazkia: TXEMA MOLINUEVO

Azken osoko bilkuran bost zinegotzi azaldu ez izana kritikatu dute udal gobernuan dauden alderdiek. EH Bilduk dio gauzak "beste modu batean" egin daitezen protesta egin dutela.

Amurrioko EAJ eta PSE-EE alderdiek "ikuskizun tamalgarri eta lotsagarritzat" jo dute azken osoko bilkuran EH Bilduren zazpi zinegotzitatik bost bertaratu ez izana.   

Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak zabaldutako ohar batean, bi alderdiek diote EH Bilduko ordezkariek "batzordeetan eta osoko bilkuretan proposamenik egin" ez dutela, eta "kontrolatzeko eta bultzatzeko" ekimenak "urriak" izan direla. Diotenez, urte eta erdian zazpi proposamen baino ez dituzte aurkeztu.

Udal gobernu taldean dauden alderdien irudikoz, "agerian" geratu da EH Bilduko zinegotziek egin duten "lan eskasa" eta proposamenak egiteko duten "gaitasun falta". Are, herritarrek EH Bildu Amurrio "merezi" ote duten galdetu dute, eta "iradoki" diete "batzorde eta osoko bilkuretara joateagatik dagozkien dietak" kobratzeari uko egitea. Horrez gain, koalizio abertzaleari ohartarazi diote ez dizkiotela onartuko beren "gezur etengabeak, errespetu faltak eta jarduera lotsagarria".

Agiriak dio azken udal batzarrean minutu bateko isilunea egin dutela Valentzia, Albacete eta Cuencako herri askok joan den astean jasan duten hondamendi naturalagatik —udalak 5.000 euroko diru laguntza iragarri du—. Horrez gain, aurtengo hirugarren hiruhilekoan egindako fakturen ordainketaren berri eman dute, bai eta azken osoko bilkuratik orain arte sinatutako hogeita hemeretzi alkatetza dekretuen berri eman ere. Horrez gain, Aiaraldeko pentsiodunen mugimenduak sinatutako ekimenaren berri jarri dute mahai gainean, aldirietako C3 trenbide linean mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako trenak jartzeko emango dituzten hurrengo pausoak adieraziz.

Protesta ekimena

Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Amurrioko EH Bilduk azaldu du ez direla bertaratu "ohikoa bihurtzen ari delako hogei minutuko osoko bilkurak egitea", eta inoiz "bi minutukoak" izan direla ziurtatu dute. "Gauzak beste modu bat egin daitezen protesta egiteko" modua izan dela diote, eta, horregatik soilik Jon Berganza bozeramailea eta Nekane Martinez liberatua joan direla osoko bilkurara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago