Aiaraldeko Txakolinaren Ibilbidea helmuga enoturistiko gisa aurkeztu dute Porton, bertako bidaia agentzia, komunikabide eta banatzaileei. Cristina Gonzalez lehenengo Turismo diputatuak eta Iñigo Pinedo Aiarako Kuadrillako lehendakaria arduratu dira Aiaraldeko eskaintza enoturistikoa aurkezteaz, sektore turistikoaren eta ardoaren arloko tokiko profesionalen aurrean.
Era berean, Aiarako txakolina eta bertako produktuak dastatzeko aukera izan den ekitaldi horretan Astobiza, Beldui eta Txikubin upategiek, hainbat landetxek eta apartamentu turistikok, jatetxeek, edari banatzaileek eta Artziniegako Santxotena museoak parte hartu dute. Enpresa bakoitzak bere produktuak eta zerbitzuak aurkeztu dituzte Porton.
Aurkezpenean Txerra Molinuevo Amurrioko alkatea eta Jon Eskuza Okondoko alkatea izan dira, baita Laudioko Udaleko teknikariak ere. Gonzalezek azpimarratu du inbertsio programa hau estrategia integral batean gauzatzen dela, eta Aiaraldeko turismo baliabideen inbertsioa, balioa nabarmentzea eta sustapena egitea uztartzen dituela, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko, azpiegiturak eta zerbitzuak modernizatzeko eta bidaiarien artean helmuga ezagutarazteko. "Azken helburua da turismoa eskualdeko enpresentzat eta herritarrentzat aberastasun eta enplegu iturri bihurtzea".