Laudiok milioi bat euro baino gehiago igo behar izan du Antzokia egiteko aurrekontua. Hala, lanen hasierako kostua 6.842.599 eurokoa bazen ere, oraingo berrikuspenak 8.011.938 euroan utzi du proiektuaren kostu osoa. Orotara, 1.169.339 euro sartu behar izan dituzte aurrekontuan, kopuru osoa %17 handituz. Joan den ostiraleko tokiko gobernu batzarrean onartu zuten aurrekontua igotzea, udalak gaur ezagutzera eman duenez.
Udalak argudiatu du "ustekabeko bi egoera" gertatu direla iazko martxoan lanak hasi zirenetik, eta, hori dela era, lanak egiten ari diren enpresek "egoera horiei aurre egin behar izan" dietela. Batetik, orubean "aurreikusi gabeko hondakinak" agertu ziren, eta horiek "gaika kendu" behar izan dituzte. Bestetik, orubearen hasierako azterketa geoteknikoan "aurreikusi gabeko baldintzak detektatu" dituzte orain, eta, hori dela eta, beharrezkoa izan da "esku hartze bat egitea mikropilote bidez egonkortzeko". Ezusteko horiei gehitu diete igogailu bat instalatzeko proiektu bat ere.
"Hasieran proiektuaren lehen fasean aurreikusi ezin genituen inguruabar horiek lanen garestitzea ekarri duten berberak dira", esan du Ainize Gastaka alkateak.