Arabako Foru Aldundiak, Santa Maria la Real Fundazioak eta Iberdrola España Fundazioak enplegagarritasunerako hub bat martxan jarriko dute azaroan. Hala, aurreko edizio gehienetan bezala, hiru enplegu anezka izango dira: bi, Gasteizen, eta bat, Laudion. Enplegagarritasun hub izena eman diote oraingoan ekimenari.
Horien bidez, langabezian dauden 80 arabarri lan merkaturako sarbidea erraztu nahi diete. Aldundiaren hitzetan, hiru erakundeek "langabeziaren aurkako borrokan duten konpromisoa" indartu dute.
Azken zortzi urteetan, talde hauetan 400 arabarrek baino gehiagok parte hartu dute, eta haietatik %60 inguruk besteren konturako lanpostu bat aurkitu dute, "euren negozioa martxan jarri dute" edo "profesionaltasun ziurtagiriak lortu dituzte lan praktiken bidez", aldundiak lorpen hauetako bakoitzak izan duen portzentajearen berririk eman ez duen arren.
Enplegu foru diputatu Cristina Gonzalezek azaldu du proiektu honek "berritze garrantzitsu" bat izan duela bederatzigarren urte honetan, "lan merkatuaren azken joeretara egokitzeko". Besteak beste, aurreratu dute aurtengoan anezken funtzionamendu aldia bost hilabete eta erdira arte luzatuko dela, "partaideen laneratzea malgutzeko"; modu berean, "arreta berezia" emango diete "egoera ahulenean dauden kolektiboei". Azken honi begirakoa izango da Gasteizen egingo duten bigarren anezka, Aireratzen izendapenarekin —lehenari Aktibo izendapena eman diote, ohiko langabeei bideratuta—. Bestetik, hirugarren formatua Nomada izango da. Aldundiak dio aurten Laudion egingo dutela, baina ibiltaria izango dela, eta ohiko langabeei bideratuta egongo dela.
Aurreratu dute aurten, enplegu anezkak hasi bitartean, parte hartzaileek web bidezko hiru mintegiko ziklo bat izango dutela eskura: anezken metodologiari buruz, lan bilaketan osasun mentalak duen garrantziari buruz eta adimen artifizialari buruz hitz egingo dute horietan.
Interesdunek azaroaren 4ra arte eman dezakete izena doako programan, webgune honetan: https://hubsempleabilidad.com/inscribete